EUSKAL BATELEROEN ELKARTEA - SORRERA

| Published in |


EUSKAL BATELEROEN ELKARTEA

SORRERA
Douarnenez. 2008ko uda.                             


Uztailaren 17tik 21era bitartean ospatu ziren herri horretan azken itsas-jaiak: ‘Fetes du mer’. Euskal Herria jaialdira gonbidaturik zegoen.

 
Dozena bat ontzi eta 50 bat lagun joan ziren bilkurara, ametsez beterik, eta gure itsas kultura tradizionala erakusteko gogo biziz.

Eta harrigarria badirudi ere, Douarnenezen piztu zen talde horren gogo-bihotzetan, euskal bateleroen elkartea sortzeko beharrizana, Euskal Herritik 1.000 kilometrora, gure itsas kultura zaharra arnas-berritzeko. Elkarte honen barruan Euskal Herriko ontzi-jabeak zein gure itsasketa tradizionala maite duten itsaso zaleak daude, uretan gozatzeko, arraunean beso-indarrez edota oihalean haize-indarrez, behinola lanbiderako ziren batel-ontziei arnasa berria emateko.

Horretarako itsas-bilkurak antolatzen dira, batelak erakutsi eta itsasketan ikusteko, lehia-egarriz baino gehiago jai-gogoz, giro atsegingarria sorturik.


Estatutuetako 2. atala

Elkartearen helburuak ondokoak dira: Lehenagoko ontziak berreskuratzea eta euron erabilera sustatzea, eta itsasketa tradizionala biziberritzea, bai arraunez bai oihalez.


2009ko otsailean batzartzeko deia egin zitzaien ontzi-jabe eta erabiltzaile ezagun guztiei, gure itsas-ondarea zaintzeko eta gure itsas kultura ezagutu, zabaldu eta arnas-berritzeko. Lehenengo batzar hartan argi geratu zen kide guztien gogo bizia. Eta asmoak zerbait mamitu ondoren, 2009ko maiatzean elkartearen Batzar Eraikitzailea egin zen. Berrogei ontzik eta hirurogei lagunek eman zuten izena. Horrela, 2009ko ekainaren 17an, beharrezko agiri guztiak aurkeztu ziren Eusko Jaurlaritzan. Eta azkenik, 2009ko urriaren 14an, euskal bateleroen elkartea legez onartuta eta erregistratuta geratu zen.